XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) moda-aldaketa hauek, partez, hezitzaileek ezagupen-moldaketaz eta ikaste afektiboaz duten ideia ilun-nahasitik datoz.

Uste dut pertsona baten baloreak ezagupen-moldaketa, mugimenduzko eta afektibitatezko esperientzi multzo batetik sortzen direla.

Erraz azal daiteke nola ikasten den golfa apreziatzen, trebezia lortu eta jokoa ezagutu ahala, horrek esperientzia emozional positiboak dakartzalarik.

Gauza bera esan liteke xakearen, musikaren edo literatur kritikaren baloreez ere.

Beste kasu batzuetan, ezagutzaren, trebetasunen eta esperientzia afektiboaren arteko elkarrekintzak xumeagoak izan daitezke, hala nola egia edo ingurunearen kalitatea baloratzerakoan.

Gizartearen baloreak bilakatuz doaz gizarte horren kontzeptuekin batera.

Horixe erakusten digu jaiotza-kontrolaz eta, arazo horrekin lotuta, emakumearen askapenarekin eta populazioaren kontrolarekin zerikusia duten baloreez mundu osoan dagoen interes gero eta handiagoak.

Mendebaldeko kulturak balore materialez duen kezka, partez, zientzian gertatutako kontzeptu-bilakaerari eta ondoriozko teknologi garapenari zor zaie.

Nabaria da nola aldatu diren gizartearen baloreak mendeetan zehar ezagutza berriak sortu ahala, baina zailagoa izan ohi da pertsona baten baloreak nola aldatzen diren ohartzea, ezagupen berriak lortzen dituenarekin batera.

Gainera, pertsona bati ezagupen berriak lortzeko bide zaizkion esperientziek esperientzia emozional baikorra edo ezkorra ekar dezakete eta, beraz, norbanako batek balio handia eman diezaioke jakintza-alor jakin bati (matematikari edo literaturari), eta beste batzuei berriz ez.

Hezkuntza-programak ezin dira neutralak izan.

Ezagupen berriak irakastea lortzen dugun bakoitzean, ikasleen baloreak eragiten ditugu.

Jakintza berriek eta ikastearen testuinguru emozionalak ikasleen baloreen gainean duten ondorioari arreta ematea erronka bat da hezitzaileentzat.

Alderdi horiei ezikusia egitea itsu ibiltzea da, sarri baloreak sozialki gomendagarria ez den modu batez eraginez, delinkuentzia, krimena edo egokituezin pertsonalak erakar ditzakeelarik oso prezio altuan, bai berori jasaten duten pertsonentzat eta bai gizarte osoarentzat.

Piaget-en garapen-psikologia: balioa eta mugak

Piaget orain mende erdi baino gehiago hasi zen haur-ikasteaz idazten, baina beraren lanari buruzko interesa, amerikar testuinguruan, ez da sortu 60ko hamarkadara arte.

Amerikan hain berandu ezagutu izanaren arrazoia, partez, haren lehen obra gehienak frantsesez idatzita egotea dateke.

Hala ere, Piaget-en Hizkuntza eta pentsaera haurrarengan 1926.ean argitaratu zen ingelesez, eta beste obra garrantzitsu batzuk hurrengo bost urteetan.

Hala eta guztiz, Piaget-en obra ez da irakurtzen erraza, teoria, behaketa eta deskribapen logikoak nahasten baititu.

Zer dela eta, beraz, 60ko hamarkadan sortutako Piaget-i buruzko interesa?